SARRERA
Bilgune Feministak 10 urte bete ditu. Honek ematen digun perspektibarekin Borroka Feministaren bilakaerari buruzko gogoeta egiteko momentua dela erabaki dugu. Arrazoi ugari dago Euskal Herriko emakumeon askapenerako prozesuaren eta bertoko Mugimendu Feministak garatutako estrategiaren inguruan hausnartzeko.
Orain 10 urte, Leitzan, Euskal Herrirako estrategia feminista birdefinitu genuen, gure herriaren eraikuntza prozesuari erabat lotuta eta gainbeheran zegoen mugimendu feminista berraktibatzeko asmoz.
Oparoa izan da urte hauetako ibilbidea, gogoetak zein praktikak berritu egin dira: zapalkuntza hirukoitzaren teorian sakondu da egungo emakumeon errealitatera egokituz; emakumeen, eta bereziki emakume abertzale gazteen kontzientzia feminista pizteko edo sendotzeko tresna izan da Bilgune Feminista; herri mailako esku-hartze eta antolakuntza feminista garatuz joan da, tokian tokiko errealitate sozio-politikoaren ezaugarrien arabera moldatuz; Euskal Herriko Mugimendu Feministaren gainontzeko erakundeekin borrokarako hainbat akordio erdiesteko gai izan gara; nazioarteko mailan planteatutako mobilizazioak aintzat hartuz Emakumeon Mundu Martxaren itzalpean adostu genuen Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Karta; instituzioen aurrean, parte-hartzea eta interpelazioa saiatu gara uztartzen …
Hamar urte pasa ondoren, bada garaia balantze orokorra egiteko eta horren arabera aurrera begirako erronkak finkatzeko. Emakume abertzale feministen Topaketek beraiek marko ezin hobea eskaintzen dute horretarako. Izan ere, egungo emakume abertzale feministak gara subjektu eragileak: guri dagokigulako Euskal Herria feminista erdiesteko erantzukizuna; jendartearen eremu desberdinetan (mugimendu feministan eta herriaren eraikuntzarako esparru guztietan) ekarpenak egiteko eta eragiteko gaitasuna dugulako. Horretan gure indarra.
Bestetik, II. Mundu Gerra ondoren garatu den sistema politiko eta ekonomikoak, horren eskutik martxan jarri diren politikek, eta egon diren transformazio ekonomiko eta sozialek emakumeon egoera (lan merkatura sartu izana, eskubide politiko eta sexual batzuk eskuratu izana, hezkuntza-sistemaren orokortzea) eta mugimendu feministaren ibilbidea eta aldarrikapenak ezaugarritu dituzte (berdintasuna, eskubideen aldarrikapena, zerbitzu sozialak, diskriminazioen ezabaketa).
Egun, sistema-krisia da nazioarteko eta bertoko hedabideek igorritako informazioaren interesgune nagusia. Sistema politiko eta ekonomiko honen krisiaz 80. hamarkadatik (politika neoliberalak nagusitzen hasten diren momentutik) hitz egiten badugu ere, gaur egungo krisi ekonomikoak eta politikoak eredu kapitalista neoliberala krisian dagoela esatera eramaten gaitu. Baina, gure testuinguru sozio-ekonomiko, politiko-juridiko eta ideologikoari erreparatzea besterik ez dugu behar egiaztatzeko hainbat aldaketa ari dela gauzatzen kapitalismo neoliberalaren eredu berbera iraunarazteko.
Euskal Herriaren egoera politikoari dagokionez, aldaketa garaia dugu aurrean: fase politiko berri honetan gatazkaren konponbiderako aukerak eta mugimendu sozial berriak ari dira zabaltzen; aitortza politiko eta botere instituzionala geureganatzeko erronka eta aukera berriak ditugu; aldaketa politikoaren subjektua eraikitzeko prozesua abian jartzeko unea iritsi da.
Hausnarketa, beraz, emakumeon egoera eta mugimendu feministaren bilakaera baldintzatu dituen sistemaren krisian gauzatuko da. Euskal Herriko borroka feminista testuinguru horretan kokatu behar da eta ikuspegi luzea, argi luzeak, ezarri behar dizkio bere hausnarketari eta Estrategia Feministaren proposamenari.
Proposatzen den gogoeta honen helburu nagusiak bitan laburbil daitezke:
- Sexuaren araberako zapalkuntzaren bilakaeran lehentasunezko gatazkak identifikatzea.
- Euskal Herria feminista bilakatzeko prozesuaren subjektu politikoak aktibatzeko era eta bitarteko berriak pentsatzea.
Helburu orokor horien ildotik, honako ezaugarri hauek izan beharko ditu hausnarketak:
- Euskal Herria dugu erreferentzia markoa, herriaren askapen-prozesuaren baitan kokatzen dugulako emakumeon askapena.
- Testuinguru politikoa aintzat hartuko da baina ez hausnarketaren baldintzatzaile gisa. Emakumeon egoera dugu abiapuntu.
- Urte hauetako esperientziak eta gogoetak batu eta norabide komuna finkatzeko unea izango da.
- Eguneroko dinamikatik burua altxatu eta haratago begiratzeko aukera izan behar du: bai atzera, azken 50 urteetako askapenaren bilakaeraren perspektiba jasotzeko, bai aurrera, gure borrokaren proiekzioa koiunturatik ateratzeko, ikuspegi estrategikoaz aritzeko.
- Euskal Herrirako estrategia feminista eraginkorrago bihurtzeko gogoeta izango da.
- Gogoetak aplikazio praktikoa behar du izan.
Hausnarketak hiru atal nagusi izango ditu:
- Egoeraren inguruko hausnarketa:
- Sexuen arteko harremanen bilakaera, azken 50 urteetan emakumeon egoerak izan duen bilakaera aztertuko da lehenbizi.
- Horrekin batera, sexuen arteko botere-harremanetan eragiteko eta emakumeon zapaltze-egoera eraldatzeko hartu diren neurri eta eraman diren estrategia desberdinak zerrendatu eta baloratuko ditugu, horien eragina eta balioa aztertzeko asmoarekin.
- Estrategia Feministaren ardatzak gaurkotzeko hausnarketa.
- Subjektu feministen inguruko gogoeta.
2012ko Martxoa

